Gaztelugatxeko San Joan
Paraje eder hau Bermeo herrian dago.
Uhartea eta lurra lotzen dituen eskailera malkar eta luzea erronka bihurtzen da edonorentzat. Egiazki dituen mailen kopuruari buruzko hainbat bertsio daude, baina guztiak datoz bat gauza batean: gora igotzea merezi du.
Eskaileren amaieran, ustez San Joan Bautistak utzi zuen aztarnaren gainean jarri ahal izango duzu zeure oina, zorte ona ekarriko baitizu. Goren-gorenean, baseliza bitxi bat izango duzu zain; eta, bereziki, Kantauri itsaso harroaren ikuspegi liluragarriak. Itsasoak ezin pentsatuzko labarrak, tunelak eta arkuak zizelkatu ditu uhartean.
Gaztelugatxen piratak, akelarreak eta elezaharrak izan dira, eta horregatik ez da harritzekoa mundu osoko bidaiariek "gehien bozkatutako mirari" edo "gehien balioetsitako kokaleku" tituluak eman izana.
Behin goian zaudela, ez ahaztu baselizako kanpaia hiru bider jo eta desio bat eskatzea. Antzina, halaxe egiten zuten ugalkortasuna eskatu eta espiritu txarrak zein buruko minak uxarazteko. Kanpaia oso-oso eskura dago; horregatik, hura jotzea gogoko jarduera bihurtzen da nola adinekoentzat, hala txikientzat.
Gogoratu arropa eta oinetako erosoak eraman beharko dituzula.
Gaztelugatxe mirari naturala da, eta ziur egon behin joanda, berriz itzuli nahiko duzula.