Gernika eta Lumo
1.366ko apirilaren 28an, Don Tello kondeak Lumoko auzo bati, hots, Gernikari, hiribildu titulua eman zion dekretu baten bidez.
XVI, XVII eta XVIII. mendeetan, Gernikako Hiria eta inguruko Lumo eta Ajangiz Elizateen arteko iskanbilak dira nagusi.
1575 urtean Lumok bere aldeko ebatzia lortu zuen Gernikarekin izandako epai garrantzitsuan eta Gernikako hiriaren lurraldea bost kaletan mugatuta geratzen da.
Borroka horiek 1882ko urtarrilaren 8ra arte iraun zuten, Gernikako Hiriak eta Lumoko elizateak udalerri bakar bat osatu zuteneko eguna bera. Ordutik aurrera, GERNIKA-LUMO izendatu zuten.
Picasso eta Gernika
1937ko apirilaren 26an Gernika-Lumok eraso irakagarria jasan zuen eta gertaera horrek herriaren historia aldatu zuen betiko. Errukirik gabeko bonbaketaren bitartez, "erabateko gerra"ren saiakera egin zuten aleman eta italiar tropek.
Sir Winston Churchill-ek "Experimental horror" tzat jo zuen bonbaketa eta Malagan jaiotako Pablo Picasso artistak sarraskia inspirazio-iturritzat hartu eta mundu osoan ezaguna den artelana burutu zuen: "Guernica".
Gernikako bonbardaketa astelehen batean izan zen, azoka egun batean. Azoka, eriako lorategietan egiten zen. Hilarri txiki batek bonbardaketaren sarraskiaren biktimak ekartzen dizkigu gogora.
"Unceta y CIA" arma-lantegiak garrantzi handia izan zuen Espainiako gerra zibil garaian; "Astra" izeneko pistola bertan egin zen.
Batzarretxea eta Gernikako Arbola
Mendeetan zehar Gernika izan da Bizkaiko herriak batzartzeko tokia. XIV. mendean dokumentatu dira lehendabizikoz, egun guztiz entzutetsua den arbolapeko batzarrak. Legeak eta arauak sortu eta herritarren ordezkaritza sistema bultzatzea zuten helburu batzar haiek. Batzarrretxea eta Arbola bisitatu beharreko monumentuak dira, hortaz, gure herriaren historiaren ikur biziak baitira.
Batzarretxearen lorategian dagoen enborra, ez da lehenengo Gernikako Arbolearena, baina bai gaur egunera arte heldu zaigun ondarrik zaharrena.
Batzarretxea Bizkaiko erakunderik gorenaren egoitza da. Batzarretxea, muga politikoak gainditu eta kultura eta etnografia-ohitura komunen jabe diren Euskal Herriko herrialde guztien topagune eta elkarleku da. Gaur egun, ekintza eta ospakizun bereziak egiten dira Batzarretxean, Lehendakariaren eta Diputatu Nagusiaren karguz jabetzea eta zin egitea, esaterako.
Gernikako astelehenak
Bada Gernikan esaera bat, gaztelaniaz hauxe dioena: "lunes gernikes, kolperik ez". Hamarkadak dira jada, astelehenetako merkatua jai eguntzat hartzen dena.
Eskualdeko jendea ez ezik, herrialdekoa ere hurbiltzen zen hiribildura, eta jendez gainezka egoten zen Gernika. Eguna ez zuten soilik salerosketak egiteko erabiltzen, ohikoa baitzen herriko jatetxe ospetsu batean bazkaltzea, eta gero zesta-punta partida bat ikusi frontoian.
Jai Alai
Gernikako Jai Alai frontoia munduan zabalik jarraitzen duen frontoirik handiena da. Secundino Zuazok eginda, ( 20. mendeko arkitekto onenetarikoa Espainia mailan) 1963an inauguratu zuten. Frontoiak dituen ezaugarri bereziak direla eta, munduko frontoirik onenatzat jotzen dute pilotariek.
Gastronomia eta txakolina
Gernika inguruko baserrietako indabak zein bertoko piper mokadu goxoa…, gure hiriak euskal sukaldaritzako ibilbidea egiten du, eta bisitariek produktu horiek dastatzeko aukera dute.
Kalitateak eta lan txukunak bat egiten dute euskal sukaldaritzako errezeta ezin bikainagoak ontzeko garaian.
Picassoren "Guernica" murala
Herriaren goialdean dago, eta Gernikako eraikuntza berrienetarikoa dugu. Azuleju bakoitzak Pablo Picassoren "Guernica" artelanaren puzzleari ematen dio forma. Kuadroak dudagabeko prestigio internazionala du eta, gaur egun, Madrilgo Reina Sofia museoan dago ikusgai.
Euskal Herria Museoa
Alegria izeneko jauregi barrokoa zen eraikina, Euskal Herria museoa da gaur egun. Gernikako Arbola bezain errotuta dauden kultura eta tradizioen bitartez ezagutuko du bisitariak Euskal Herriaren historia. Bere hormek berba egingo balute…
Ezagutu euskal kirola eta folklorea era interaktiboan.
Santa Clara komentua eta eliza
Komentu hau serorategitzat sortu zen antzina-antzina. Lehenengoz, 1422an ezarri zen, eta bertako mojek San Frantziskoren Hirugarren Ordenaren abitua hartu zuten. 1618an klausurako botoa egin zuten, eta Santa Klarako Ordenaren abadesa bat eskatu zuten, sortzaile eta berritzailetzat. Sorreraren egintza ofiziala 1619ko irailaren 16an izan zen.
Sta. Klarako mojei gaur egun aterpe ematen dien eraikina 1880an eraiki zuten. Moja horiek sustrai eta tradizio handikoak dira Gernikan eta Bizkaia osoan.
Udetxea Jauregia
Udetxe Jauregia Allendesalazar familiak eraikin zuen 1890ean udako egoitzatzat. Gaur egun Urdaibaiko Biosfera Gebenaldeko Zaingo Batzordearen egoitza da, bertan, 1984 urtean UNESCOk nazioarteko mailan aitortu zuen natura eta kultura ondare nabarmena biltzen da.
Santa Maria eliza
1418an hasi ziren eraikitzen. Tenplu gotikoa da eta hiru nabe eta bost puska ditu. Triforiodun abside poligonala du, eta turuta itxurako portada oso jantzia eta puntaduna du. Monumentuzko eskultura du, Sancho de Emparanek 1449an egina. Historia gorabeheratsua du, eta horregatik luzatu ziren obrak 1715era arte. Elizaren puska guztiak, beraz, ez datoz guztiz bat, garai eta joera artistiko ezberdinak jaso dituelako: hasieran errenazimenduko zutabedun eliza zen, Euskal Herriko gotikoan ohi bezala, gero korua eraiki zen; estriboen artean, ez oso garai, kaperatxoak eraiki ziren, eta gangak gainetik gurutzez bete zituzten. Kanpai-horma Manuel Capelastegik egin zuen 1776an. Badu Walcker markako organo zoragarria, 1889an egina. Eliz barruko imajina ikusgarriak José Capuz, Moisés Huerta, Francisco Asorey eta Mateo Inurriak egin zituzten.
Nahiz eta elizak hiribilduak pairatu zuen bonbaketa ondo jasan, kalte handiak izan zituen, batez ere Parrokiako Etxeak, eta elizako agiritegi osoa erre zen.
Batzarretxea eta Gernikako Arbola
Bizkaiko erakunde organo nagusiaren egoitza da. Kultura, ohitura eta etnografia neurri berean baturik, edonolako muga politikoak gaindituz, Euskal Herriko herrialde guztien elkargune bihurtu den haritzaren ondoan eraikia dago.
Europako Herrien Parkea
Euskal Herria atlantiarraren lau ekosistemak jasotzen ditu: pagadia, hariztia, artadia eta urbazterreko landaretza. Chillida eta Mooren eskulturak baita Humboldt-en bustoa ere aurkitzen dira. Parke hau 1991n inauguratu zen, eta arbola- eta zuhaixka-aniztasun handia du ondo bereiztuta dauden lau arloetan. Iparraldean arbola-begetazio irekia dago, eta E. Txillidaren eta H. Mooreren eskulturak daude.
Ordutegia: 10:00etatik 19:00etara. (udan 21:00ak arte)
E.Chillida "Gure Aitaren Etxea": Artelanaren "leihotik" Euskal Herriaren askatasunaren sinbolotzat dugun Arbola ikusteko diseinatua izan zen, 1988an eraikitako eskultura hau.
Henry Moore: "Large Figure in a shelter": 1991. urtean iritsi zen Gernikara eskultura hau. H. Moore artistak egindako "War Helmets" bildumaren parte da, II. Mundu Gerran hasi zuena.
Foruen Plaza
Bisita Foruen plazan hasi beharko litzateke, hemen baitago Don Tello kondea, Gernikako fundatzailearen estatua. Herriaren gora-beherak ikusita, kondea bera izan zen herriari "hiri" titulua eman ziona, eta Lumoko lurretan Gernika fundatu zuena1366an.1882an bi herriok batu egin ziren, eta egun Gernika-Lumo du izen ofiziala. Don Tellori aterpea emanez, udaletxea, Bakearen museoa eta Kultur Etxea daude.
Bakearen Museoa
1937ko apirilaren 26ra eramango gaitu museo interaktibo honek. Egun horretan suntsitu zuten bonbek eta suak Gernika-Lumoko herria. Tragedia hartatik bizirik atera zirenen testigantzak entzun eta ikusi ahal izango dira, argazki erakusketa zirraragarri eta audiobisualen bitartez. Hori dela eta, nahitaezko bisitaleku dugu museo hau.
Erietako lorategiak
Gaur egun, dotore apainduta dagoen Erialdea, Gernika-Lumoko merkatu ospetsuaren bilgune izan zen sasoi batean. Lorategian dagoen hilarri txiki batek sarraski honen biktimak ekartzen dizkigu gogora.
Astra lantegia
"Unceta y CIA" arma lantegiak berebiziko garrantzia izan zuen gerra zibil garaian. Bertan, "Astra" pistola sortu zuten. Lantegi hau helburu militar izan zen bonbardaketan. Hala ere, bonbek ez zuten arrastorik utzi eraikin honetan, eta gaur egun ere oso osorik dago. Honez gain, eraikinaren kanpoko aldean tunel formako eraikuntza bat dago, lantegiko langileentzat
Merkatu plaza
Euskal Herrian geratzen diren merkatu tradizionaletako bat da. Astelehenetan eskualdeko produkturik onenak aurkezten dira: neguan indabak eta, uda sasoian, piper berdeak, biak ala biak labeldunak.
Errenteriako zubia
Batzarretxearekin eta arma lantegiarekin batera, zubi txiki hau herriko bonbardaketaren helburu militar izan zen 1937an. Bitxikeria gisa, hiru hauetako bat ere ez zen bonbardaketan txikitua izan.
Errenteriako gurutzea
Gernika-Lumoko hirigunean kokatuta dago, Lekeitio eta Markinarako bidegurutzean.
Jai Alai
Gernikako Jai Alai frontoia munduan zabalik jarraitzen duen frontoirik handiena da. Secundino Zuazok eginda, ( 20. mendeko arkitekto onenetarikoa Espainia mailan) 1963an inauguratu zuten. Frontoiak dituen ezaugarri bereziak direla eta, munduko frontoirik onenatzat jotzen dute pilotariek.